gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 12, osteguna
Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK >ANGELA FIGUERA AYMERICH, GAUR ERE
Ángela Figuera Aymerich
ANGELA FIGUERA AYMERICHEN AURKEZPENA

“ENE BIHOTZAK HANTXE JAIO NAHI IZAN ZUEN”

Horrelaxe idatzi zuen bere azkenetariko poema batean Ángela Figuera Aymerich-ek Pablo Nerudaren bertso ezaguna errepikatuz. “Hantxe” Bilbon izan zen, 1902an. Erdi mailako familia baten barruan jaio zelarik, gaur egun guri ulertzen zaila egiteko moduko gizarte matxista batean jaio ere, haren biografiak mende hasierako beste emakume askorena errepikatzen du, alegia, ahaleginean saiatu zirenena goi mailako ikasketak egiten, lan munduan sartzen, kultura molde guztiak bereganatzen eta berdintasuna lortzen. Gure emakume poeta honek ere, familiak eta gizarteak jarritako oztopoen gainetik, Filosofia eta Letretako ikasketak burutzea lortu zuen, eta Huelvako Institutura bidali zuten lanera 1932an. Urte berean ezkondu zen bizitza osoan lagun izango zuen gizonarekin, Julio Figuerarekin. 1935erako ume bat izan zuen, baina forzepsen bidez ateratzerakoan hil egin zen.

Eta Errepublikaren aurkako kolpe militarra etorri zen. Julio Figuera Errepublikaren aldeko milizietan sartzen da. Ángelak, berriro haurdun, “heriotza uharka” ezagutuko du, berak azaldu zuen bezala, lehenik kolpistek setiatutako Madrilen, non Juan Ramón semea jaio zen, eta gero Valentzian. Errepublikaren porrotak haren defendatzaileena dakar, eta gauza guztiak kentzen dizkiete: ikasketa titulazioak, lanpostuak eta ondareak. Irabazleak atzetik zituztela, Figueratar guztiek Madrilera joatea erabakitzen dute, han oharkabean pasatzeko, eta lana bilatzeko aukera izango dutelakoan. Egoera normaltzen den bitartean, Ángela eta semea Soriara aldatzen dira, eta han berriro aurkituko du idazleak, nolabait, bakea, paradisu galdua eta gaztetako desira asko betetzeko abagunea.

Datu horiek guztiak funtsezkoak dira Ángelaren zenbait konstante poetiko ulertzeko. Baita ere esan behar da emakume poetak ia-ia txikitatik idazten zituela molde modernistako poemak, imitatiboak, bere definizioaren arabera, oso bakan argitaratu direnak, eta doi-doi gordetzen direnak koaderno argitaragabe batean. Gerra bukatu ondoren Ángelak idazten jarraituko du, baina orduan aldaketa garrantzitsu bat gertatuko da: lehenengo aldiz izango du argitaratzeko aukera, eta horrela, Mujer de barro (1948) poema bilduma aterako da, eta horrekin, dagoeneko, olerkari gailentzat ezagutuko dute Espainiako giro literario berrian. Jarraian Soria pura (1949) agertuko da. Bi liburu horiek bere etapa barnekoiaren barruan sailkatuko ditu egileak: hainbeste heriotza eta hondamendiren ondoren berriro zoriontsua den emakumea islatzen da, familia inguruan eta maitasunean errealizatutako pertsona. Garai hartan normala zenez, aurreneko bi liburu horiek jada zentsura ezagutuko dute, batez ere, beren sentsualitateagatik eta erotismoagatik. Baina zorionak gutxi irauten du: ezin zuen asko iraun gerra ondoko Europako mundu degradatu hartan. Idazleak orduan miseria, oinazea, gosea eta bidegabekeria ezagutu zituen. Vencida por el ángel (1950) lanarekin bere etapa kezkatua hasiko du, eta aldi horretan aterako ditu gainontzeko poema liburuak, haurren munduari eskainitako azken lanak izan ezik, non barnekoitasunera itzuliko den.

Etapa luze horren barruan, hogei urte baino gehiago iraungo baitu, zenbait aldi bereiz daiteke. Horrela, Vencida por el ángel, Víspera de la vida (1953) eta Los días duros (1953) liburuak kezka metafisiko eta existentzialen baitan sartzen dira. El grito inútil (1952) liburuaz geroztik, ordea, Belleza cruel (1958) eta Toco la tierra (1962) lanekin, ardura handiagoa azalduko du arazo sozialekiko, eta sufritzen duen gizakiaren aldeko jarrera erradikala hartuko du. Azkeneko poema bilduma horiengatik askotan poesia konprometituaren barruan sailkatu izan da haren irudi literarioa. Izan ere, Blas de Otero eta Gabriel Celayarekin batera sartzen dute idazlea, poesia sozialaren euskal triunbiratua deitutakoan. Jakina, sailkapen gehienekin gertatu ohi den bezala, sinplifikazio bat besterik ez da, nahiz eta egia den hiru idazleek oso harreman estua eduki zutela eta baita elkarrenganako eragina ere. Hala, Blas de Oterok hitza eskatzen zuen, eta Celayak poesia etorkizunaz kargaturiko arma zela esaten zuen, baina Ángelak, aldiz, askoz errealistagoa, hauxe eskatuko zuen: poesia lizentziatzeko / Eta ikusteko ea nekez edo errez / bidea urratzen dugun kale amaieran. Hala, proposamen sozialetatik urruntzen zen.

Belleza cruel dugu, zalantzarik gabe, Ángelaren libururik ezagunena. Liburu horretan, frankismoak markatutako muga estuek itota, zenbait poema amorratu eta kritiko biltzen ditu, zentsurak argitaratzen utziko ez zituenak. Horregatik Mexikoko lagun batzuei bidali zien, eta haiek Nueva España poesia sarira aurkeztu zuten, erbesteko Unión de Intelectuales elkarteak antolatzen zuenera. Liburuak lehenengo saria irabazi zuen, eta León Feliperen hitzaurre benetan historiko batekin argitaratu zuten, non idazle horrek atzera egiten zuen aurreko iritzietan, eta aitortzen zuen bazegoela Penintsulan idazleen belaunaldi garrantzitsu berri bat, gizonez nahiz emakumez osatua.

Toco la tierra
liburuarekin, ordea, idazlearen nekea, unadura, iristen da, bizitza aldatzeko egiten dituen deiak errepikakorrak direla ulertzen baitu. Azpititulu adierazgarria darama arima egoera hori definitzeko: “Letaniak”. Eta emakume idazleei buruzko kritika literarioan sarritan gertatutako fenomeno bat gertatzen da. Liburuari nahiko harrera hotza egingo diote, eta iruzkin bat baino gehiago grinatuko da, arrazoi handiegirik gabe, poema horietan, ideiak errepikatzeko kontu hori aipatuz. Antza denez, kritikatutako lana emakume batena baldin bada, iritziak orduan askozaz ere oldarkorragoak izan daitezke. Harrezkero, Ángela Figuera pixkanaka-pixkanaka literatura mundutik erretiratzen joango da. Poema solte batzuek, Cuentos tontos para niños listos (1980), eta hil ondoko Canciones para todo el año (1984) liburuak bakarrik, hausten dute bere isiltasun gero eta trinkoagoa. Eta ohiko beste fenomeno bat gertatzen da emakumeek idatzitako literatura balioesteko orduan: azkar ahazten dela, eta merezi gabe, gainera. Ángela Madrilen hilko da 1984an, eta albisteak oihartzun eskasa izango du. Hortik aurrera haren senarra Julio jo eta su hasiko da lanean, 1994an hil zen arte, olerkariaren lana ahaztua ez izateko ahaleginetan. Lan horren ondorioz, hein handi batean, Hiperión argitaletxeak Ángelaren Obras completas bildumaren lehen edizioa argitaratu zuen 1986an.

Ángelaren poesian topatzen dugun ahotsaren azpian emakume egiati bat dago, bere eginkizunaren jakitun dena, uler diezaioten idazten duena, irakurleengana iritsi nahi duena, benetako bide gurutze batean dagoen emakume bat: euskalduna Madrilen, belaunaldiz 27koari lotua, baina gerra ondoko poetekin ondo moldatzen dena, frankismoaren kontrakoa, emakume idazlea gizonek menperatutako mundu batean, ama, aldi berean Simone de Beauvoirren irakurle goiztiarra, eta emakumeak gizartean duen eginkizunaren defendatzailea, baina, hala ere, bere burua feministatzat jo gabe, oso era ezberdinetako sentsibilitate artistiko, kultural, politiko eta abarren artean beti zubiak eraikitzen saiatu zen emakume idazle bat. Haren inguruan ospe handiko izen oso ezberdinak bateratu ziren, hala nola, Pablo Neruda, Gabriel Aresti, Blas de Otero, Gerardo Diego, Antonio Buero Vallejo... Gainera, 50eko urteetan, benetako giltzarria izan zen Euskal Herriko eta Madrileko kultur giroen artean. Horregatik, ez dugu ahaztu behar, ezin dugu ahaztu. Ángela Figueraren beharra dugu.

Jose Ramón Zabala

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net